SANTURTZIK BAT EGIN DU BELDUR BARIK JARRERAREKIN!!

Chica de rosa

 Santurtzi, Beldur Barik Jarrera VI. Lehiaketara lan gehien aurkeztu duen udalerria da EAE osoan.

Santurtziko eskola-umeek 30 lan aurkeztu dituzte Beldur Barik jarrera VI. Ediziora. Emakundek antolatu du lehiaketa Eudel, EHU-UPV eta Foru Aldundiarekin lankidetzan eta Berdinsareak, genero indarkeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko udalerrien sareak, emandako laguntzaz, non Santurtzi partaidea den.

Oraingo honetan 309 lan aurkeztu dira EAE osoan, 215 12-17 urte artekoen kategoriarako dira, 94, berriz, 18-26 urte artekoen kategoriarako.

Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira, Lehenengoa eta Aipamen berezia. Horiez gain, beste bi ere egongo dira: Ikus Entzunezko Ekoizpenik Onena eta Herriaren Saria. Sariak azaroaren 28an Amurrion egingo den topaketan bantuko dira, egun horretarako tailerrak, musika, erakusketa eta beste jarduera batzuk daude antolatuta www.beldurbarik.org.

“Herriaren Sarian” bozka emateko, Beldur Bariken webgunean sartu behar da (www.beldurbarik.org), eta lanak ikusi ostean, gustukoena hautatu. Bozka emateko epea azaroaren 21eko 08:00etan zabaldu eta azaroaren 25eko 23:59an amaituko da.

Aipatutako horiek ez ezik, Santurtzin beste bi sari banatuko dira, kategoria bakoitzeko bat eta guztiek diploma bana jasoko dute parte hartu izanagatik. Sariak azaroaren 25ean goizeko 11etan Gernika Parkean egingo den elkarretaratzearen ondoren banatuko dira.

Beldur Barik Jarrera urte osoan abian izan nahi dugun jarduera da, bertan iritzi, hausnarketa eta lana bil ditzagun. Jarrera honen bidez, indarkeria matxistaren aurka gure jarrera irmoena eta berdintasunezko gizartea lortzeko gogo bizia plazaratu nahi ditugu, horren alde borrokatuko baikara.

Egindako lanak hainbat formatutan aurkeztu dira: musika, animazioa, film laburrak, olerkia, antzerkia, dantza, spot-motion eta abar.

logo beldur barik 2015

SANTURTZIARRAK MUNDUAN: ONDIZ LEKUBARRI, GIPUZKOAKO ARRAUNKETAN DABILEN SANTURTZIARRA

Ondiz

Ondiz Lekubarri hamar urte baino ez zituela, eta futbolean ibili ostean, arraunketan hasi zen. “Familia guztia zebilen arraunketan. Aitak, nebak, osabek… konbentzitu ninduten saiatzeko, saiatzen hasi eta hementxe nago”, azaldu digu. 20 urteko gazte hau, UPV/EHUn fisiologia ikaslea dena, goi mailako kirolaria da eta kirolerako grina eta ikasketak aldi berean eramaten ditu aurrea. Goizeko 8etan hasten da entrenatzen, eguerdian unibertsitateko klaseetara joaten da eta arratsaldez berriz ere entrenatzera. Lan gogorraren isla sorbalden zabaleran edo esku maskurtsuetan ikusten da; izan ere,  arraunek babak sorrarazi dizkiote eskuetan.

Otsailean Euskadiko txapelduna, Munduko txapelketan bosgarren eta Donibane Pasaiako (Gipuzkoa) Arraun Elkartearekin Estatuko txapelduna izan den arren, Ondiz hedabideetan nabarmendu gabe geratu da. Eragozpen bi ditu: emakumea izatea eta gutxi ezagutzen den kirolean aritzea. “Hedabideetan futbolaz eta saski-baloiaz baino ez dira aritzen eta askotan beste kirolak ahaztu egiten dituzte”.

Goi mailako kirolaria izateak dakarren exijentzia dela-eta, Ondizek onartzen du zenbaitetan kirolari uztea pentsatu duela. “Azterketa garaietan uztea pentsatzen dut zenbaitetan; izan ere, ikasi, eskolara joan, entrenatu eta hori guztia egin behar dudanez, ez ditut nahi ditudan notak atera”, adierazi du. Honi arraunketaz ezin bizi izatea gehitu behar zaio. “Mileuristak gara eta kirola ez da bizitza osorako. Ematen dizkizuten ikasketetarako diru-laguntzak aprobetxatu behar dituzu eta gerora balio izango dizun karrera egin” onartu du.

Zailtasun guztiak gorabehera, Ondizek argi dauka zergatik jarraitzen duen kirol honekin. “Azkenean nolabaiteko saria jasotzen duzula konturatzen zara, zuk zeuk duzula esperientziak bizitzeko aukera eta besteek, nahiz eta entrenatu, ezin izango dituztela bizi”, esan du.

Horror Vacui helbidean jasotako infomazioa