SANTURTZIARRAK MUNDUAN: ONDIZ LEKUBARRI, GIPUZKOAKO ARRAUNKETAN DABILEN SANTURTZIARRA

Ondiz

Ondiz Lekubarri hamar urte baino ez zituela, eta futbolean ibili ostean, arraunketan hasi zen. “Familia guztia zebilen arraunketan. Aitak, nebak, osabek… konbentzitu ninduten saiatzeko, saiatzen hasi eta hementxe nago”, azaldu digu. 20 urteko gazte hau, UPV/EHUn fisiologia ikaslea dena, goi mailako kirolaria da eta kirolerako grina eta ikasketak aldi berean eramaten ditu aurrea. Goizeko 8etan hasten da entrenatzen, eguerdian unibertsitateko klaseetara joaten da eta arratsaldez berriz ere entrenatzera. Lan gogorraren isla sorbalden zabaleran edo esku maskurtsuetan ikusten da; izan ere,  arraunek babak sorrarazi dizkiote eskuetan.

Otsailean Euskadiko txapelduna, Munduko txapelketan bosgarren eta Donibane Pasaiako (Gipuzkoa) Arraun Elkartearekin Estatuko txapelduna izan den arren, Ondiz hedabideetan nabarmendu gabe geratu da. Eragozpen bi ditu: emakumea izatea eta gutxi ezagutzen den kirolean aritzea. “Hedabideetan futbolaz eta saski-baloiaz baino ez dira aritzen eta askotan beste kirolak ahaztu egiten dituzte”.

Goi mailako kirolaria izateak dakarren exijentzia dela-eta, Ondizek onartzen du zenbaitetan kirolari uztea pentsatu duela. “Azterketa garaietan uztea pentsatzen dut zenbaitetan; izan ere, ikasi, eskolara joan, entrenatu eta hori guztia egin behar dudanez, ez ditut nahi ditudan notak atera”, adierazi du. Honi arraunketaz ezin bizi izatea gehitu behar zaio. “Mileuristak gara eta kirola ez da bizitza osorako. Ematen dizkizuten ikasketetarako diru-laguntzak aprobetxatu behar dituzu eta gerora balio izango dizun karrera egin” onartu du.

Zailtasun guztiak gorabehera, Ondizek argi dauka zergatik jarraitzen duen kirol honekin. “Azkenean nolabaiteko saria jasotzen duzula konturatzen zara, zuk zeuk duzula esperientziak bizitzeko aukera eta besteek, nahiz eta entrenatu, ezin izango dituztela bizi”, esan du.

Horror Vacui helbidean jasotako infomazioa