ANTZERKI: “MACHO-MARIS”

Maskulinitateari buruzko antzezlan bat da Macho-maris.

Antzezlan hau Ermuko Zizpriztintzen, berdintasunaren aldeko gizon taldeen eskutik dator, eta bi aktorek antzezten dute, Juanmanolo eta Markus, bikote komikoa.

Gai asko jorratzen dira 50 minututan, oso erritmo arinean, besteak beste, gizon taldeak, gizonen arteko harremanak, zaintza partekatua, abortatzeko eskubidea, lan banaketa… Umorezko lana da, batzuetan  absurdoa besteetan sotila, baina bereziki, topikoetan ez erortzen saiatu dira, eta hori eskertzekoa da.

Macho Maris

 

MARI DAPENA. ARTISTA BATEN KONPROMISOA

Martxoaren 17an, osteguna, 19:00etan, Enkarterrietako Museoan,  Abellanedako antzinako Batzarretxean, Mari Dapena. Artista baten konpromisoa erakusketaren inaugurazioa egingo da. Erakusketak XX. mendean Bizkaian egon zen artista garrantzitsuenetako baten bizitza eta ibilbide artistikoa jasotzen du, bertan 40ko hamarkadan hasi eta 90eko hamarkadara bitarteko lanak jasoz.

Mari Dapena

Mari Dapena diktadura-garaian sortu ziren artista bikain eta konprometitutako bat izan zen. Tamalez, gaur egun Balmasedako artista hau ia ahaztuta daukagu.

Bere beste garaikide batzuen moduan, Marik artearekiko maitasuna eta konpromiso politikoa modu naturalean uztartzen asmatu zuen. Eta beste askok bezala, artea arte-lanak sortzeko ez ezik, frankismo eta totalitarismoaren aurka borrokatzeko ere erabili zuen.

Hori guztiori XX. mendearen hasieran zegoen egoera politiko eta ekonomikoak eraginda sortu zen. Mari Dapena jaio zenean, 1924an, Bizkaian industria puri-purian zegoen eta horri esker ezagutu zuen Bernardo aitak, arbaso arabardun palentziarra bera, Mariren ama, Balmasedako familia ezagun baten alaba, La Robla ferrokarrilak Gaztelako ipar-aldea Bizkaiarekin lotzea ahalbideratu zuenean.

Familiak errepresio frankista ezagutu zuen. Batetik osaba, Barruelako lehenengo alkate demokratikoa, 1934an hil zuten Urriko Iraultzan, eta bestetik, aitak gerra zibilean jazarpena jaso zuen eta zortzi urtez kartzelan egon zen. Balmasedara itzulita, mehatxuak ez ezik, gosea pairatu eta miseria gorrian bizi izan ziren. Hor sortu zen bere kontzientzia politikoa, eta horrekin batera, arteari eskaini zion maitasun sakona.

Rodet Villaren eskutik eman zituen lehenengo pausuak artean, eta gero Bizkaiko Arte Elkartearekin jarraitu zuen ikasten, bai eta Bilbo handian egiten ziren frankismoaren aurkako solasaldi artistikoetan ere. Laster Portugaleteko bere etxean hasi ziren frankismoaren aurkako bilerak egiten. Hantxe elkartzen ziren, besteak beste, Agustin Ibarrola eta honen anaia, Blas de Otero, Gabriel Zelaia, Jiménez Pericás, eta inoiz Gabriel Aresti ere bai.

Olioz pintatzen zuen, material pobreak erabiliz. Langileen, etxeen eta etxekoen mundua eramaten zituen margoetara. Gonzalo senarrarekin batera frankismoaren aurkako ekintzetan hartu zuen parte, gizarte-kontzientzia handia zuen eta. Horrela bada, erabaki zuen Bizkaiko herrietan zehar erakusketa ibiltariak egitea Fidalgo eta Ibarrolarekin batera (garai hartarako ekintza modernoa benetan) den-dena artea herritarrei hurbiltzeko helburuz. Gogoan izan behar da emakume batez ari garela, politikaz mintzatzen zen emakume artista eta aukera baten aldeko hautua egiten zekien emakume batez… publizitateak gizonaren mende zegoen emakumea sustatzen zuen garaian, beti gizonak agindutakoa betetzeko prest agertu behar zuena. Horrek meritu are handiagoa ema ten dio Mari Dapenari.

Handik gutxira, Ibarrola eta Dionisio Blancorekin batera Estampa Popular de Bizkaia abangoardiako mugimendua sortu zuen. Grabatuaren bidez arte-lan gogorrak egin zituen, zirraragarriak, konpromiso politikoa erakusten zutenak eta karga sozial handikoak. Fabriketako langileak, meatzariak, arrantzaleak, emakume langileak… Horiek guztiak eta gehiago ziren bere grabatuaren protagonistak.

Baina Frankoren aurkako borrokak espetxera eraman zituen bai bera, bai senarra (emaztea adinako konpromisoa zuena) eta bai garai hartako beste artista eta intelektual batzuk ere. 1962an espetxeratu eta bi urtez egon zen han, bizipen hori Sr. Juez. Soy presa de Franco! liburuan islatuz.

Irten zenean, Santurtzin jarri zen bizitzen, non pintatzen eta borrokatzen jarraitu zuen. Honetan ere, etxea Francoren aurkako artistentzako tokia bilakatu zuen. Francoren aurka aritu ziren artista hasiberri guztiei eman zien laguntza. Izan ere, frankismoa suntsitu nahi zuen jendea biltzen zen han, ideologoia anitzeko taldea osatuz. Emen taldean sartu zen, Movimiento de la Escuela Vasca izeneko mugimendu artistiko garrantzitsuaren Bizkaiko atalean. Gero Indar talde artistikoa sortu eta Arteta arte-galeria zabaldu zuen Santurtzin, garai hartarako ekimen modernoa benetan. Horrez gain, pintatzen eta grabatuak egiten jarraitu zuen, bai eta zura lantzen ere.

Baina 1974an Mena Haraneko Nava herrian jarri zen bizitzen familia osoarekin, Balmaseda bere jaioterritik kilometro gutxira. Han margotzen jarraitu zuen, baina bere obrak aldaketa izan zuen, eta dagoeneko piztuta zuen kontzientzia feminista handitzen zitzaion neurrian, bere margoetan  emakumearen presentzia handituz ere joan zen, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean sinetsi zuen emakumearen eskubideak hutsaren hurrengoa ziren garaian. Horrez gain, naturarekiko harremanak leku handiagoa hartu zuen bere bizitzan.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan ekologismoak garrantzi handia hartu zuen bere obran, natura eta landareekin metamorfosatzen zuten emakumeak erakusten zituen. Eta horrekin batera, bere margoetan kontu onirikoak hasi ziren azaltzen, ametsak eta horrelakoak. Baina beti elikatu zuen inguruan zuen arlo kulturala. Izan ere, laurogeiko hamarkadan haize berrien bila zebiltzan gazte balmasedarrek Mariren etxera jotzen zuten arte, kultura eta politikaz hitz egiteko.

Mari Dapena 1995ean hil zen. Eskolarik utzi ez zuen arren, eragin handia izan zuen artista eta kulturarekin lotuta zegoen jende askorengan. Arte mugimendu handi guztietan hartu zuen parte, gerra osteko garaian hasi eta hirurogeita hamarreko hamarkadara arte. Bizkaian bera izan zen grabatu-artearen sustatzaileetako bat. Zur-lanketan ere jardun zuen eta Frankoren aurkako borrokan aitzindarietako bat izan zen, baina larrutik ordaindu zuen, espetxea ezagutu zuen eta. Ekologismoa eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu zituen. Beste emakume askorekin batera, gaur egungo mugimendu feministen oinarria ezarri zuen. Azken batean artista garrantzitsua izan zen, garai bateko eredua, eta orain bere bizitza eta obra ezagutzeko aukera dugu.