FEMENINO PLURAL: BAOBAT KULTURA ARTEKO ELKARTEAK EMAKUME INMIGRANTEAREN AHALMENTZEA SUSTATZEKO

Migrazio prozesuak arazo handiak ekartzen dizkie gizon eta emakume immigranteei, esate baterako, isolamendua, babes-sare falta, langabezia eta lan-prekarietatea jasotzeko arrisku handiagoa, batzuetan arrazakeriak sortutako bazterketa eta orokorrean bazterketa sozial eta pobrezian erortzeko arriskua. Horrelakoetan arazoa handiagoa da gaztelaniaz mintzatzen ez diren immigranteentzat, eta askoz ere handiagoa gaztelaniaz ez dakiten emakumeentzat, arestian aipatutakoez gain, genero-bazterketa ere pairatzen dutelako sarri.

Emakume immigranteen arazo espezifikoen oinarrian genero rolekin lotutako irizpide zurrunak daude. Horrela bada, rol horiek etxeko lanen banaketa desorekatua dakarte eta ondorioz, bizitza publikoan parte hartzeko mugak eta komunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzeko aukera eza. Azkenean, desoreka horren emaitza zera da, gizartean modu diferentean integratzen direla, emakumeak izanik isolatuen geratzen direnak.

Mujeres baobat

Hizkuntza ikastea: Gizon immigranteek euren jatorrizko komunitateak eragindako presioa jasotzen dute, eurek baitira etxera dirua ekarri eta familiaren biziraupenaren ardura dutenak; emakumeen kasuan, berriz, ez da horrela gertatzen, emakumeek jasotzen duten presioak zaindari gisa duten rolarekin du zerikusia, emazte, ama eta etxeko andre “onak” izatearekin hain zuzen. Horretxegatik, emakume askorentzat gaztelaniaz ikastea ez da lehentasuna, haiengandik seme-alaba eta etxearen ardura hartzea eta harremana euren jatorrizko komunitateko pertsonekin izatea espero da, beste ezer ez. Eta horrela, gaztelaniaz ezin mintzatzeak pertsona hauen autonomia aukerak desagerrarazten ditu.

Lan arloa: Programa honen jasotzaile nagusiak Saharaz hegoaldeko eta Magreb aldeko emakume immigranteak dira, eurak baitira lan-munduan sartzeko zailtasun handien dituztenak, horretan zenbait faktorek dutela zerikusia: hizkuntza ez jakitea, hezkuntza eta prestakuntza maila, lana topatzeko lagungarria izan daitekeen kontaktu-sarea, familiaren ardura eta denbora eza.

Arrakala teknologikoa: Mendebaldeko zein euren jatorrizko gizarteetan gero eta handiagoa eta anitzagoa da teknologia berrien bidez jaso daitekeen informazioa (lana, prestakuntza, zerbitzu publikoak, sare sozialak eta abar), eta jakina, ezagutza hori ez duten emakumeek integratzeko aukera asko galtzen dituzte. Internet erabiltzeko aukera ezak jendearen arteko arrakala handitzen du: belaunaldien artekoa, seme-alabekikoa, hizkuntza eta kontzeptuekin lotutakoa. Teknologia berriak erabiltzen ez dakiten emakumeak eguneroko errealitatean gero eta toki handiagoa duen espazio horretatik bazter geratzen dira.

Egoera administratiboa: Immigrazio-prozesuak eta administrazio-prozedurak desberdinak dira gizon eta emakumeen kasuan. BaoBat elkartean askotan ikusi ditugu Santurtzira familia edo bikotearekin elkartzera etorri diren emakume immigrante asko; gizonak, berriz, bakarrik edo lagunekin etortzen dira eta kasu askotan euren egoera arautu arte bakarrik egoten dira. Sarritan emakume horiek ez dute lurralde espainiarrean euren egoera gidatuko duten lege- eta administrazio-prozeduraz ezertxo ere jakiten, euren askatasuna eta autonomia mugatuta geratuz.

Osasuna eta ongizatea: Familiaren osasun eta ongizatearen arduradunak izanik, emakume hauek zailtasun ugari saihestu behar dituzte osasun-sisteman, ez dituzte harrera-herrialdearen osasun praktikak ezagutzen (txertoetarako egutegia, mediku-azterketak, erditzeko orduan dauden ohiturak eta abar), edo ordura arte ezagutu ez dituzten gorabeherak pairatzen dituzte, migrazio-prozesuak berarekin dakartzan bakardade eta deserrotzearekin lotutako sentimenduak hain zuzen (estresa, depresio-sintomak, antsietatea…). Baina deserrotze-sentsazioa, isolamendua eta harrerako komunitatearen estereotipoak (arraza zein erlijioarekin zerikusia dutenak) norberaren autoestimu baxuarekin daude lotuta.

BaoBat Elkarteak “Femenino Plural” programaren bidez, emakume immigranteen autonomia, integrazioa eta parte-hartzea sustatu nahi ditu Santurtzin eta inguruan, horretarako prestakuntza, aisialdia eta laguntza psiko-sozialarekin lotutako jarduerak bultzatuz.

Proiektuak emakume immigranteen talde heterogeneotzako espazio espezifikoa proposatzen du (heterogeneoa adinean, nazionalitatean, erlijioan, heziketa-mailan eta bizitzarako proiektuetan). Taldea anitza izanda ere, behar berberak dituzten emakumez dago osatuta (euren kargupean mendekotasuna duten pertsonak dituzten emakumeak edo espazio publikoan parte-hartu eta baliabide publikoak jaso eta enplegua topatzeko mugak dituztenak), eta horixe da, hain zuzen, eurekin lan espezifikoa egiteko arrazoia.

BAOBAT Elkartea Mamarigako Kulturgunean egiten ari da programa hau, berau elkarteentzako espazio publikoa bita.

Aldi berean, argi geratu zen ezinbestekoa dela beren-beregi emakumeek erabiltzeko ikasketa-gune bat egotea, horrela izan ezean, emakumeak ez liratekeelako eskoletarako joango. Eskaintza berri honek ikasle ugari erakarri zituen, bereziki hezkuntza- eta gizarte-zerbitzuetara gerturatzeko muga handiak dituzten emakumeak (edadeko emakumeak, oso tradizionalak, gizonekin espazioak partekatu nahi ez dutenak, seme-alaba txikien amak, gaztelaniaz apenas dakitenak), eta ondorioz gizartean bazterketa jasotzeko arrisku gehien dutenak.

BaoBat elkarteko borondatezko taldeak lan handia egin du Santurtzira kanpotik etorritako immigranteei zuzeneko arreta eskainiz; eta hortaz, ezin hobeto ezagutzen ditu zerbitzu-eskaintza eta immigranteen kolektiboaren nondik norakoak, kolektiboaren beharrak desberdinak baitira administrazio-egoera, sexu, heziketa maila eta adinaren arabera.

“Femenino Plural” programaren edukia taldearen neurrira egin eta egokitu da:

– Ikasketa eta Zerbitzu Proiektua Santurtziko HLHZrekin: ezagutza-trukaketa ile-apainketa moduluko 2. mailako ikasle eta BaoBat elkarteko erabiltzaileen artean.

-Osasun tailerrak: ginekologia, hipertentsioa, pediatria, ohitura osasungarriak, menopausia…

– Alfabetatze eta hizkuntza-gaitasunak izateko ikastaroa.

– Atzerritarrei buruzko legearen inguruko prestakuntza-tailerrak.

– Udalaren gizarte-baliabideei buruzko tailerrak

– Herri-administrazioarekin aritzeko tailerra

– Ikasketen homologazioari buruzko tailerra

– Hezkuntza-sistemari buruzko tailerra

– Oinarrizko informatikari buruzko tailerra

– Joskintza ikastaroa

– Sukaldaritza tailerrak

– Argazkilaritza tailerra

– Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko ikastaro soziosanitarioa

Jorratutako gaiek autonomia maila handitu eta ahalmentzeko prozesu indibidual eta kolektiboak sustatu ez ezik, kulturen arteko harremana eta jakintza-trukaketa ere eragiten dute, bi norabideetako integrazioa lortuz.

Logo baobat