URDUÑA ETA SANTURTZIKO EMAKUMEEN TOPAKETA

Apirilaren 16an Urduñako emakume talde batek gure herria bisitatu zuen Idoia Aginako Arbaiza alkatea eta Itziar Biguri Ugarte, Berdintasun zinegotziarekin batera.

Santurtzi-Orduña 1

Sardineraren monumentua ikusi ondoren, hamaiketakoa egin, arrantzaleen auzoa bisitatu eta Itsasoa Museoan bisita gidatua egin zuten. Arrainaren enkanterako aretoan itsaso-kontuetan lanean ibilitako bi emakumerekin egon ziren berbetan, sardinera bata eta saregilea bestea, eta gero Itxasoko Ama eskola publikoan bazkaria antolatu zuten. Bertan Aintzane Urkijo Sagredo, Marta Alvarez Rincon eta Cristina Senarriaga Rojo egon ziren, Santurtziko Alkatea, Gizarte Ekintza arloko zinegotzia eta zinegotzia hurrenez hurren, bai eta Santurtziko emakume-talde bat ere, AS. VI. Santurtziko alargunak, Tximista emakume talde eta Mamarigako emakumeen kultura zentro elkarteetakoak hain zuzen. Guztira 50 bat emakume batu ziren.

Santurtzi-Orduña 2 Santurtzi-Orduña 3

Esperientzia Mugarik Gabeko Albaitariak taldeak koordinatu zuen Santurtziko Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzuaren laguntzarekin, helburu nagusia baserri inguruko emakume (Urduña) eta industria inguruko emakumeen (Santurtzi) arteko topaketa egitea zelarik.

Lehenengo topaketa 2016ko apirilaren 2an izan zen. Egun horretan Santurtziko hiru elkarteetako emakumeek (AS. VI. Santurtziko Alargunen Elkartea, Mamarigako Emakumeen Zentro Kulturala eta GTL Tximistako Emakume Taldea) Urduñan eman zuten eguna. Bertan bi kontserba-fabrika bisitatu ostean, hamaiketakoa egin eta Urduñako Alkateak eta Berdintasun Arloko Zinegotziak harrera egin zieten. Gero elkarrekin bazkaldu eta bisita gidatua egin zuten herrian zehar.

2016ko apirilaren 16an gureak izan ziren urduñarrak hartu zituztenak.

Oso esperientzia ona izan da, izan ere, emakume guztiek interesgarri iritzi diote esperientzia-trukeari. “Elkarrekin pare bat egunez baino egon ez bagara ere, betiko lagunak ginela ematen zuen. Jendea Santurtziko kontuen berri emateko gogoz hurbildu da eta guri izugarri gustatu zaigu Urduña”, horrela zioen Mamarigako emakumeetako batek. “Hau errepikatu beharra dago”.

Turismo bulegoak Santurtziko oroigarri bana oparitu zien Urduñatik etorritakoei.

Mugarik Gabeko Albaitariak taldeko Janire Txirapozu Basoa izan da jardueraren koordinatzailea eta etengabe eurekin egon dena.