SANTURTZIKO ARETO FUTBOL TALDE EMAKUMEZKOA: LIGAKO TXAPELDUNAK!!

Santurtziko Emakumezko Areto Futbol taldea aurten hasi da talde gisa jolasten eta ederto atera zaie, euren kategorian lehenengo postua lortu dute eta.

Gainera, maiatzaren 26an Bigarren Mailara igotzeko partida jokatuko dute. Ekitaldia Mikel Trueba kiroldegian izango da 18:30ean. ETORRI ETA ANIMATU ITZAZU!!

Asier Navarro Olasagasti entrenatzailearekin hitz egin dugu eta hauxe esan digu:

Nola sortu zen ekimen hau?

Ideia klubean bertan sortu zen. Kontua zera da, kategoria guztietan taldeak ditugula eta eskola-kategorietan ere neska batzuk genituela, baina bagenekien ezin izango geniekeela ezer eskaini etorkizunean. Gainera, ikusten genuen herria nolabait horrelako talde bat eskatzen ari zela. Argi genuen emakumeen kirolari bultzada bat eman nahi geniola, eta gauza bat dela bestea dela proiektu eder honi ekitea erabaki genuen.

Nola lortu zenituzten jokalariak? Nola osatu zenuten taldea?

Jokalariak erakartzeko jardunaldi batzuk antolatu genituen eta sei lagun aurkeztu ziren. Gero kontua zabaldu egin zen eta argi geratu zen seriotan ari ginela eta nazio mailako entrenatzaile bat izango genuela proiektua gidatzen. Horrela, futbolean modu serioan aritu eta konpromisoa hartzeko prest zeuden neskek gure klubean egoera borobila topatuko zutela jakin zuten, eta poliki-poliki gainerako jokalariak joan ziren batzen. Ez dugu inor bazter utzi, etorri diren guztiak onartu ditugu.

Zer izan da zailena?

Zailena denak batera entrenatzea izan da, lan-ordutegiak eta bestelakoak uztartzea hain zuzen. Egia esan, kostatu zaigu taldea muntatzea. Baina behin lortuta, bestea berez etorri da. Neska hauekin lan egitea erraza da!!

Non eta noiz ikusi ahal zaituztegu partidetan? (egunak, ordutegiak…)

Liga amaitu da eta irabazi egin dugu, nahiko kontu argia izan da, bigarren postuan geratu direnei 14 puntuko aldea atera diegu eta. Mikel Trueba kiroldegian eta Kabiezesekoan jokatzen dugu, bietan. Maiatzaren 26an, larunbata, Bigarren Mailara igotzeko partida dugu. Santurtzin jokatuko da 18:30ean eta aukera paregabea izango da gu babestera etorri nahi duten guztiak etortzeko eta proiektuaren berri izateko.

Zein gomendio emango zenieke emakumezko areto futbolean izena eman nahi duten emakume gazteei?

Probatzeko esango nieke, giroa bikaina da eta kirola egiteko modu dibertigarria dudarik gabe.

Hona hemen jokalari batzuek esandakoa:

Ane: “Areto futbolean izena eman nahi duten emakume gazteei animatu eta kirol honetan hasteko esango nieke, eta jakina, Santurtzin dugun talde honekin bat egin dezatela, ezin hobeto hartuko ditugu eta. Estereotipoak apurtu behar dira!! Hasieran kirol hutsa dena zeureganatu egiten duzu guztiz, eta behin hasita ezinezko egiten zaizu uztea.”

Maitena (kapitaina): “Ausartzeko eta probatzeko esango nieke. Benetan areto-futbolean aritu nahi badute animatu daitezela, talde batean egotea ez delako jolas hutsa, askoz gehiago da: konpromisoa, adiskidetasuna, ikastea, diziplina, zure zaletasuna gozatzea eta batez ere, ikasteko eta ondo pasatzeko gogoa, izugarri gustatzen zaizun kirol baten bidez”.

Garazi: “Nik probatzera animatuko nituzke; oso kirol dibertigarria da eta gainera, klub honetan primeran tratatzen gaituzte”.

Ainhoa: “Nik denbora luze daramat areto-futbolean jolasten eta kasualitatez sartu nintzen arren, kirol honek berehala harrapatu ninduen, egia esan, ondo baino hobeto pasatzen dut jolasten”.

Usue: “Niri, neuri, primeran etorri zait, bai futbola eta bai areto-futbola, lagundu egin didalako pertsona gisa hazten eta neure burua prestatzen, oso-oso gomendagarria da”.

 ZORTE ON NESKAK!