GIZONEN BIRIBILA

 

Urriaren 20an Berdintasunaren aldeko gizonen Elkarretaratzea izan zen eta udal langile, elkarteetako kide eta herritarrak bildu ziren.

Itsasoko Ama eskolako zuzendaria den José Antonio Expósitok irakurri zuen AHIGEk idatzitako adierazpena, eskolek eta familiek gizartearen izurriaren kontra egiten duten lana agerian jarriz.

Jarraian, San José de Calasanz ikastetxeko Gizarteratzeko 2. mailako ikasle batek irakurri zuen ikasleen artean idatzitako testu interesgarri eta hunkigarria. Hona hemen testua:

Alicia, Ada, Jenny, María, Almudena, Nagore, Mari Luz, Amelia, Melissa, Annie, Leire, Alexxe, Andina, Amagoia, Maureen, María Angeles, Montserrat, Blanca, Mélodie, Noelia, Ana…

ZENBAT GEHIAGO???

ZENBAT IZEN GEHIAGO KONTATU BEHARKO DITUGU?????

ZENBAT ERAILKETA GEHIAGO?????

Neska-mutilok:

Gaur, Santurtziko San José de Calasanz ikastetxekook matxismoaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean gaitzespenik irmoena agertu nahi dugu.

Neskek eta emakumeek etengabeko indarkeria pairatzen dute gizonengandik, emakumezkoak izateagatik. Prostituzioa eta emakumeen trafikoa, emakumea gauza bihurtuz eta bere gorputza salgaia balitz bezala erabiliz; eta emakumeen erailketak, eta beren seme-alabena, indarkeria matxistaren izozmendiaren tontorra baino ez da. Ez da gertatzen den gauza bakarra.

Indarkeria matxista, sexismoa eta erasoak ez dira modu isolatuan azaltzen. Bizi garen gizarteak berak sustatu eta ahalbidetzen du indarkeria. Gizartea, patriarkala denez, mikromatxismoz beteta dago, ikusezin ematen duten arren egunero etxean, klasean, kuadrillan, hedabideetan, gure harremanetan… gertatzen diren biolentziez beteta.

Dugun maitasun erromantikoaren kontzeptuan, jelosia eta kontrola maitasun eta kezkaren sinonimoak dira. Ideia faltsu horiek indarkeria sortarazten dute eta ez dute errespetuan eta babesean oinarritutako harreman osasuntsurik sortzen.

Horregatik, gaur argi eta garbi utzi nahi dugu emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzea eta indarkeria hori desagerraraztea beharrezkoa dela. Txantxa “hutsa” bezalako imintzio txikienetik, indarkeria fisiko, psikologiko, sexual edo ekonomiko mota guztietara. Piropoak, jazarpena, tratu txarra, sexu erasoak, bortxaketak, erailketak ez gertatzea beharrezkoa da.

Gizartearen eraldaketa ezinbestekoa dela uste dugu, guztiok inplikatu eta ardura hartzeko. Babes ditzagun borroka feminista eta gure inguruko emakumeak ahalduntzeko prozesuak. Eta jakina, egin dezagun guk, gizonok. Ezin dugu isilik jarraitu honek ez duela gurekin zerikusirik adieraziz. Isiltasunak konplize bilakatzen gaitu. Lan handia dugu egiteke eta diskurtsotik praktikara pasatzeko unea da.

Egunez egun gure erantzunak irmoa izan behar du.

Goratu dezagun ahotsa eta esan dezagun argi eta garbi: EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA ARBUIATZEN DUGU

Birplantea ditzagun ditugun pribilegioak eta pentsamoldeak, jarrerak eta jokaera matxistak.

Susta ditzagun errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jokaerak.

Eta, inguruan ditugun mutil eta gizonei egin diezaiegun honako eskari hau:

Ez begiratu beste alde batera, ez babestu erasotzailerik, ez onartu inguruan inolako indarkeria egoerarik, emakumeen kontra EZ ERABILI indarkeriarik, desberdinkeriarik edo bazterkeriarik. Ezerk ez du justifikatzen.

ALDA GAITEZEN PERTSONA GUZTIAK ASKE DIREN MUNDUA LORTZEKO.

ERAIKI DEZAGUN BERDINTASUNEAN OINARRITUTAKO GIZARTEA

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *