NAUTIKA ESKOLA ZAHARREKO ERABILERA ANITZEKO GELA TOPAGUNEA IZANGO DA ZENBAIT ELKARTETAKO 120 BAT EMAKUMERENTZAT

Badira pare bat hil Nautika Eskola zaharreko ateak zabaldu zirela herritarrei Gizarte Ekintza eta Berdintasun arloarekin lotutako zenbait zerbitzu emateko. Gainera, berrikuntza gisa, eta instalazioetan egin den konponketa integralaren ondorioz, eraikinean erabilera anitzeko gela gaitu da herriko emakumeen elkarteei zerbitzu emateko.

Udal-eraikinetara oztoporik gabe iristeko eskubidea gogoan, Santurtziko Udalak lokal hau gehitu dio irisgarritasun neurriak betetzen dituen udal-lokalen zerrendari. Horrela bada, Aintzane Urkijo Santurtziko Udaleko alkateak Itziar Carrocera Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta herriko zenbait elkartetako emakumeekin batera egindako agerpenean esan bezala, “beti izan ditugun helburuetako bat zera izan da, bai udal-bulegoetan eta bai herriko kaleetan irisgarritasuna hobetzea ahal den neurrian. Eta horretan aritu gara lanean espaloien maila jaitsiz, hiri-igogailu ugari ezarriz eta udal-bulego eta arloetan hobekuntzak eginez, hala nola, Casa Torre jauregian, Udaletxean, Koskojaleseko bulego berrian, SanturtziLanen… Eta orain, Nautika Eskola zaharrean jardutea zegokigun”.

Eraikina zaharberritu aurretik, udalaren gizarte zerbitzua ematen zen bertan, baina obra amaitu denean, Emakume eta Berdintasun zerbitzua eta Adikzioak Prebenitzeko zerbitzua ere eraikin horretan ezarri dira. “Konponketarekin herriaren beste toki batzuetan lokalak zituzten elkarteei balio anitzeko toki bat eskaini ahal izan zaie beheko solairuan”. Horrela, herriak aspalditik eginda zuen eskakizunari erantzunez, gunea elkarteen esku jarri da, txandaka erabil dezaten egutegi jakin baten arabera, eta iristeko oztopoak zituzten instalazio zaharrak alde batera utzita.

Urkijok, gunea irailetik aurrera erabiliko duten hauetako emakume batzuk lagunduta, horrela esan du: “Guztira, herriko 5 elkartetako 120 bat emakumek erabiliko dute aretoa euren jardueretarako, gunea euren beharren arabera partekatuz eta egutegi jakin bati jarraituz”

Santurtziko Udalak 700.000 bat euro inbertitu ditu hobekuntza hauetan, eta euren bidez irisgarritasun osoa bermatu ahal izan da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *